Blog

by | Mai 17, 2021 | 2021 Urtea, AURREKO BERRIAK

Angéline Danel sopranoak, musikarientzako sofrologian aditua, kontzertuei begira mentalki eta fisikoki prestakuntzako tailerrak emango ditu 2021eko Koru Zuzendaritzako Akademian irakasle

Angéline Danel, sofrologoa

Angéline Danel soprano frantsesak biolinista gisa hasi zuen musika-karrera, hainbat orkestra eta ganbera-taldetan joz. Laster kantuan aritzea erabaki zuen, Lilleko kontserbatorioan eta Parisko Goi Mailako Kontserbatorioan ikasketak eginez, bai eta Marseillako CNIPALean eta Salzburgoko Mozarteumean ere. Interpretatu dituen opera rol ugarien artean daude Don Giovannin  (Mozart) Donna Elvira, Cosi fan Tutten (Mozart) Fiordiligi, La Bohèmen (Puccini) Musetta, Carmenen (Bizet) Micaela, Aidan (Verdi) Sacerdotessa, Die Fledermausen (Johann Strauss) Rosalinde, Listige Witwen (Lehar) Hanna, baita opereta frantseseko beste hainbat rol ere.

Angéline Danelek “Accentus” (Laurence Equilbey) ahots-taldean parte hartu ohi du. Ganbera-koru horrekin Frantziako kontzertu-areto askotan eta nazioarteko biretan kapellara egindako lanen errepertorio zabala interpretatu du. Era berean, aipatu taldearekin batera, Parisko Théâtre du Châtelet aretoan operako sorkuntza garaikideetan abestu du, James Conlon eta Kent Nagano bezalako artista ospetsuekin lan eginaz. Brahmsen Ein deutsches Requiem eta Dvoraken Stabat Mater obren grabazioetan ere parte hartu du.

Musika-ibilbidean, oso goiz aurre egin behar izan die lehiakortasun handiko egoerei, eta, aldi berean, estres-uneak kudeatzen laguntzeko proiektu bat garatu du. Ikuspegi horrekin, Toulousse-ko “Institut de Sophrologie du Sud-Ouest” (ISSO) institutuan sofrologia-teknikei buruzko prestakuntza jaso du.Bilbon bizi da 2010az geroztik, eta, alde batetik, kantu-tailerrak eman ditu Frantses Institutuan, lankidetzan aritu da Frantses Lizeoarekin hainbat ikuskizunetan, eta sofrologian espezializatutako coach lana egin du Juan Crisóstomo de Arriaga kontserbatorioan eta Bilboko Koral Elkartean. Bestalde, abeslari izan da Arriaga Antzokian, Filarmonikan, Campos Elíseos Antzokian eta Musika-Músican, Euskalduna Jauregian

0 Comments